Franz Ferdinandek piztuko du Bilbao BBK Liveko sua
17:00etan irekiko ditu ateak Bilbao BBK Live jaialdiak. Ordu horretatik aurrera, eta hiru egunetan zehar, punta-puntako taldeak igaroko dira Kobeta mendian jarri dituzten bost agertokietatik (hiru agertoki nagusi).
Bizkaiko hiriburua prest dago, beraz, bederatzigarren edizioari aurre egiteko, baita munduko bazter guztietatik iritsiko diren milaka jarraitzaileei harrera egiteko ere. Izan ere, bederatzigarren edizio hau inoizko jendetsuena izango da, lehen aldiz sarrera guztiak saldu baitituzte.
Gaurko zuzenekoei dagokienez, Franz Ferdinand taldeak hartuko du lekurik garrantzitsuena. Zalantzarik gabe, aurtengo edizioan jende gehien bilduko duen kontzertuetako bat izango da eskoziarrena. Iazko abuztuan Right Thoughts, Right Words, Right Action estudioko laugarren diskoa kaleratu zuten, baina, batez ere, aurreneko bi diskoekin lortu zuten oihartzuna. Hirugarren lanean, berriz, doinu dantzagarriak egin zituzten. Horrenbestez, kantu mitikoenak taularatzen badituzte, gerriak mugitzeko aukerarik ez zaio faltako BBK Liveko publikoari.
Dena den, Franz Ferdinandena ez da gaurko plater nagusi bakarra izango, Crystal Fightersen doinuek ere Bilbo hartuko baitute, goizaldetik aurrera. Besteak beste, John Newmanek, Vetusta Morlak, White Liesek eta Phoenixek osatuko dute aurreneko eguneko egitaraua. Halaber, euskal musikak ere izango du lekurik Kobetan, Eskean Kristo taldearen eskutik, hain zuzen.
Ordutegiak eta kontzertuen banaketa
Esan bezala, 17:00etan zabalduko ditu ateak jaialdiak, eta ordu erdi geroago ekingo diote lehenengo kontzertuari. Future of the Left taldeak abiatuko du aurtengo edizioa, bigarren agertokian. Azken emanaldiak 05:50ean izango dira.
Neurri bereziak
Asteazkenetik aurrera, Bilboko Udalak operatibo berezia jarriko du martxan, Kobeta mendian bilduko diren 120.000 pertsonei zuzenduta.
Modu horretan, uztailaren 10etik 12ra bitartean, autobus zerbitzu bereziak egongo dira. Une oro, San Mamesetik eta Barakaldotik, Kobetara doazen autobusak aterako dira. Asteazkenetik aurrera, autorik ezingo da pasatu (hango bizilagunenak salbu).
Metroak ere zerbitzu berezia eskainiko du, 01:00etik 03:00ak arte.
Bestalde, antolatzaileek jakitera eman duenez, hainbat sarrera faltsu saldu dira azken egunotan. Hori dela eta, segurtasun kontroletara garaiz iristeko aholkua eman die jaialdira joateko asmoa dutenei.
Eremu berriak
Leku gehiago izateko, aurten Kobetan eremuak beste modu batera antolatu dituzte. Gainera, Studio Live gune berrian musika elektronikoa entzuteko aukera izango du publikoak.
Sarrerak
Astelehenean jarri zituzten salgai azken 600 bonuak, baina denbora gutxian agortu ziren denak.
Osteguneko egitaraua
1. agertokia (Bilbo)
17:00etan irekiko dituzte ateak
18:10-18:50 Parquet Courts
20:00-20:55 John Newman
22:35-00:15 Franz Ferdinand
01:40-03:00 Crystal Fighters
2. agertokia (Heineken)
17:30-18:05 Future of The Left
19:00-19:50 White Lies
21:05-22:25 Vetusta Morla
00:20-01:35 Phoenix
3. agertokia (Sony)
17:40-18:15 Eskean Kristo
19:00-19:55 Allen Stone
21:35-22:30 Hercules & Love Affaire
00:25-01:25 The Last Internationale
03:00-04:10 Dorian
04:10-05:30 Kostrok
05:30-07:00 This Not Way DJ
4. agertokia (Red Bull Tour Bus)
Ez dago kontzerturik
5. agertokia (Red Bull Studio)
03:00-03:55 Za!
04:15-05:30 Los Pilotos
05:30-06:45 The Suicide of Western Culture