Bilbao BBK Live jaialdia, musikarien ikuspegitik
Udako jaialdietan, "furgoneta-soinu proba-afaria-kontzertua-hotela" espiral taigabeari, biren monotoniari, ihes egiteko aukera izaten dute musikariek. Sarritan, topagune gisa hartzen dituzte beren emanaldiaren atariko eta ondorengoa, beste musikari batzuekikoak egiteko eta eszenaren egoera neurtzeko aproposak dira jaialdiak.
Hori dela eta, gisa askotako musikariekin hitz egin dugu, denak ere Bilbao BBK Liveko kartelean ageri direnak, horrelako hitzordu baten ingurukoak nola bizi dituzten konta diezaguten.
Hauek erantzun diote eitb.com-en galdetegiari: Juanma Vetusta Morlako gitarristak, Madrilgo taldeak Bilboko jaialdia laugarrenez bisitatu aurretxoan; Frank Turner Million Dead taldean egiten zuen hardcorea alboratuta The Sleeping Souls taldearekin batera Bilbora pop rock folkie-a ekarriko duen britainiar musikariak; Albaro Arizaleta El Colimpio Asesino taldeko kantari eta bateria-jotzaileak; Belako mungiarrek; La M.O.D.A. bilbotar jaialdian lehenengoz joko duen taldeak; eta Jone Novok, Croissants DJs bikoaren erdietako batek.
Juanma Latorre (Vetusta Morla)
Aurretik, kontzertua ematen edo publiko gisa, Bilbao BBK Liven egonda zaude?
Hainbat aldiz egon naiz, publiko moduan eta kontzertua ematen: Vetusta Morlak laugarren aldia du aurtengoa, jaialdian. Udako hitzordu nagusietakoa da niretzat, bai pertsonalki bai profesionalki.
Zer espero duzu jaialdian egingo duzuen emanaldiaz?
Oso aurreikuspen positiboak ditugu, antolakuntza onari eta kartel interesgarriari begiratuta, gau ederra izango dela ematen baitu.
Zure konpromisoek uzten badizute, aurtengo zerrendako zer talde ikusi nahiko zenuke?
Asko, egiari zor. Dena den, bakarra aukeratu beharko banu, Phoenix esango nuke, duela urte batzuk ikusi nituenean, zuzeneko zinez boteretsua zutela iruditu baitzitzaidan. Orduko gomutak oraindik badirauenez, berriz ikusteko gogo handia daukat.
Frank Turner
Aurretik, kontzertua ematen edo publiko gisa, Bilbao BBK Liven egonda zaude?
Ez naiz sekula Bilbon egon. Oro har Espainiara joateko asmoa geroko uzten aritu naiz, eta damu dut. Oso pozik nago uda honetan bertan kontzertua edukitzeaz, zeren eta jakin badakit espainiar (eta euskal!) publikoa oso ona dela.
Zer espero duzu jaialdian egingo duzuen emanaldiaz?
Nik eta The Sleeping Souls nire taldeak ahal dugun rock-and-roll emanaldirik onena egingo dugu, kontzertu guztietan egiten dugun bezala.
Zure konpromisoek uzten badizute, aurtengo zerrendako zer talde ikusi nahiko zenuke?
Jaialdietan zaudela, ez duzu talde asko ikusterik izaten, baina Bastille eta The 1975 taldeetako lagunekin egon nahiko nuke, hitz-aspertu bat egiteko.