Bilbao BBK Live jaialdirako ostiraleko sarrerak ere, agortuta
Bilbao BBK Live jaialdirako hiru eguneko bonuak eta larunbaterako sarerak agortuta zeudela eman genuen jakitera astelehenean, eta antolakuntzak gaur bertan sare sozialen bidez zabaldu duenez, ostiralerako ere ez da sarrerarik geratzen. Horrenbestez, osteguneko sarrerak baino ez daude eskuragarri une honetan. 58 euroren truke eros daitezke egun bakarrerako sarrerak.
Hilabete barru abiatuko da Bizkaiko musika jaialdi ezagunena, eta, aurreko astean esan bezala, kanpatzeko eskubidea eskaintzen duten bonu bereziak ere salduta daude dagoeneko.
The Black Keys, The Prodigy eta Franz Ferdinand taldeen zuzenekoek ikusmin handia piztu dute jarraitzaileen artean, eta uztailaren 10etik 12ra bitartean Kobeta mendira gerturatzeko asmoa dutenek garaiz eskuratu dituzte sarrerak.
Uztailaren 10ean ekingo diote Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioari, eta, aipatutako talde eta artista horiez gain, besteak beste, hauek arituko dira bertan: Phoenix, Jack Johnson, MGMT, Crystal Fighters, Hercules & Love Affair, Vetusta Morla, Foster The People eta The Lumineers.