BBK Liverako hiru eguneko bonuak eta larunbaterako sarrerak, agortuta

Antolakuntzak jakinarazi duenez, osteguneko eta ostiraleko kontzertuetarako sarrerak baino ez dira geratzen.
null

Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak agortzear zeudela iragarri genuen duela astebete, eta hiru eguneko bonu guztiak saldu dituztela eman dute jakitera gaur antolatzaileek. Gainera, larunbaterako sarrerak ere agortu dira.

Horrenbestez, osteguneko eta ostiraleko kontzertuetarako sarrerak baino ez daude eskuragarri. 58 euroren truke eros daitezke egun bakarrerako sarrerak.

Hilabete barru abiatuko da Bizkaiko musika jaialdi ezagunena, eta, aurreko astean esan bezala, kanpatzeko eskubidea eskaintzen duten bonu bereziak ere salduta daude dagoeneko.

The Black Keys, The Prodigy eta Franz Ferdinand taldeen zuzenekoek ikusmin handia piztu dute jarraitzaileen artean, eta uztailaren 10etik 12ra bitartean Kobeta mendira gerturatzeko asmoa dutenek garaiz eskuratu dituzte sarrerak.

Uztailaren 10ean ekingo diote Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioari, eta, aipatutako talde eta artista horiez gain, besteak beste, hauek arituko dira bertan: Phoenix, Jack Johnson, MGMT, Crystal Fighters, Hercules & Love Affair, Vetusta Morla, Foster The People eta The Lumineers.