Bilbao BBK Liveko taldeen musika, koruko gazteen ahotsetan

Uztailaren 8an, Bilbao Liveko bezperetan, Bilboko Koral Elkartearen gazte-abesbatzak The Black Keys, Franz Ferdinand, The Prodigy eta Jack Johnsonen kantuak abestuko ditu, besteak beste.
Kobetamendin entzungo diren kantuak beste modu batez gozatu ahalko dira. Argazkia: Hodei Madariaga.
Kobetamendin entzungo diren kantuak beste modu batez gozatu ahalko dira. Argazkia: Hodei Madariaga.

Bilboko Koral Elkartea meets Bilbao BBK Live A2 kontzertua aurkeztu dute gaur Bizkaiko hiriburuan. Bilboko Koral Elkartearen gazte-abesbatzak Bilbao BBK Live jaialdiaren azken ediziora etorriko direla baieztatu duten artisten doinuak interpretatuko ditu bertan, jaialdiaren atariko programaren barruan.

Bilboko Koral Elkarteak eta Last Tour Internationalek sustatutako kontzertua uztailaren 8an, asteartean, egingo dute, 20:00etatik aurrera, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Bertan, Bilbao BBK Live 2014 jaialdiaren kartela osatzen duten artistak gogoratzeko aukera emango dute, horien doinu ezagunak beste ikuspegi batetik entzuteko aukera eskainiz: The Black Keys, Franz Ferdinand, The Prodigy, Phoenix, Jack Johnson, Foster The People, Crystal Fighters, White Lies, Izal...

Urko Sangronizen zuzendaritzapean, Euskeria Abesbatzak (umeen eta helduen abesbatzen erdian kokatuta dago 1985ean eratutako abesbatza) Jose Luis Canalek hitzordu honetarako beren-beregi prestatutako egokitzapenak taularatuko ditu.

"Bilboko Koral Elkartea meets Bilbao BBK Live A2" kontzerturako sarreren prezioa 8,50 eta 18 euroren artekoa da, jarlekuaren arabera.

Kutxabankeko webgunean edo sareko orotariko kutxazainetan eskuratu daitezke.