Crystal Fighters Bilbao BBK Live jaialdian arituko da

Belako, Izal, Chet Faker, Shaka Ponk eta La M.O.D.A ere arituko dira uztailaren 12tik 14ra Kobetamendin egingo duten jaialdian.
Crystal Fighters, Kutxa Kultur jaialdian
Crystal Fighters, Kutxa Kultur jaialdian

Bilbao BBK Live jaialdia ari da gutxika-gutxika kartela osatzen. Gaur hainbat talderen zuzenekoak iragarri dituzte. Besteak beste, Crystal Fighters, Belako, Izal, Chet Faker, Shaka Ponk eta La M.O.D.A arituko dira Kobetamendin, uztailaren 12tik 14ra bitartean egingo den jaialdian.

Orain arte beste hainbat talderen zuzenekoak zeuden baieztatuta. Hain zuzen ere, The Black Keys, Franz Ferdinand, Phoenix, Jack Johnson, Imagine Dragons eta The Lumineers taldeen kontzertuen berri eman dute azken asteetan antolatzaileek.

Gaurko iragarpenen artean, Crystal Fighters taldearena da, zalantzarik gabe, deigarriena. Londresen 2007an jaiotako boskoteak behin baino gehiagotan adierazi du "Euskal Herria inspirazio iturri" dela taldearentzat.

2012an Maketa Lehiaketa irabazi zuen Belako talde bizkaitarra ere bigarrenez izango da Kobetamendin.

Izal, Chet Faker, Shaka Ponk eta La M.O.D.A dira gaur baieztatutako beste artistak.

Bonu berezia

Otsailaren 4ra arte egongo da eskuragarri bonu berezia. Bonu honek BBK Live jaialdiko kontzertu guztietara joateko aukera ematen du. 90 eurotan (+ banaketa gastuak) eskuratu daiteke.

Kanpalekura sartu nahi duten bisitariek 5 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.