The Black Keys, Bilbao BBK Live jaialdiko bigarren talde nagusia

Jaialdiaren antolatzaileek, gainera, MGMT, Imagine Dragos, White Lies eta Dj Talabot 2014an Kobetamendin arituko direla baieztatu dute.
Black Keys. Argazkia: EFE
Black Keys. Argazkia: EFE

The Black Keys talde estatubatuarra izango da 2014ko Bilbao BBK Live jaialdiko bigarren iragarpen nagusia. Uztailaren 10etik 12ra bitartean Kobetamendin izango den musika eskaintzaren artean, gainera, Imagine Dragons, MGMT, White Lies eta John Talabot arituko direla iragarri dute antolatzaileek.

The Black Keys bikotea Dan Auerbachek eta  Patrick Carneyk sortu zuten Ohion, AEBn, aurreko hamarkadaren hasieran. Bost disko kaleratu zituzten aurretik, baina, 2010ean, Brothers diskoko 'Tighten Up' singleari esker, hiru Grammy sari eskuratu zituzten, eta mundu mailan egin ziren ezagun. El camino izeneko hurrengo diskoak (orain arteko azkena) salmenta marka bikainak izan zituen mundu osoan, eta beste hiru Grammy lortu zituzten, bereziki, disko horretan bildutako 'Lonely Boy' kantuari esker. Europako hainbat jaialdi ezagunetan joko dute udan, baina BBK Livekoa izango da gure inguruan  emango duten kontzertu bakarra.

Imagine Dragons rock alternatiboko laukotea 2008an sortu zuten Las Vegasen. 2012an kaleratu zuten estreinako diskoa, Night Visions, eta sari eta izendapen ugari izan dute mundu osoan lan horri esker. Milioi eta erdi disko saldu dituzte, eta datozen urteetan nazioartean rock munduan izango dugun izen garrantzitsuenetako bat izango da.

MGMT talde estatubatuarrak kritika bikainak izan zituen 2007an kaleratutako Oracular Spectacular diskoarekin. 'Time To pretend' singleak mundu osoan egin zituen ezagun. Ondoren etorri ziren Congratulations (2010ean) eta MGMT (2013ko irailean) diskoak.

White Lies dark-indie-rock taldeak abuztuan kaleratutako Big TV diskoko kantuak aurkeztuko ditu Kobetamendin, eta John Talabot DJ ekoizle eta musikari bartzelonarra, elektronika arloko erreferentea, Bilbao BBK Liveko DJ setean izango da.

Bestalde, duela zenbait egun jakin genuen Franz Ferdinand talde eskoziarra, Poliça talde estatubatuarra eta Jack Johnson kantari hawaiiarra ere izango ditugula Bilboko jaialdi ezagunean. Horiez gain, honako artista hauek osatuko dute kartela, oraingoz: Phoenix, The Lumineers, Los Enemigos, El Columpio Asesino, Dorian, The 1975 eta Elliott Brood.

Sarrerak

Hiru eguneko bonu berezia 91 euroren truke (85 euro + gastuak) erosteko aukera abenduaren 16an amaituko da. Antolatzaileek iragarri dutenez, kanpalekuan tokia izatea ziurtatu nahi dutenek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte.