The Vaccines eta Public Image Ltd.k itxi dute BBK Liveko kartela

Antolatzaileek hirugarren agertoki bat egongo dela iragarri dute. Sr. Chinarro, The Home Phonema, Ainara LeGardon eta Bel Bee Bee arituko dira bertan.
null

Bilbao BBK Live jaialdiak uztailaren 11tik 13ra Kobetamendin arituko diren beste hiru talderen izenak iragarri ditu gaur, eta honekin itxitzat eman du aurtengo edizioko kartela. Hain zuzen ere, The Vaccines, Public Image Ltd. (PIL) eta Sr. Chinarro taldeek itxi dute egitaraua, antolatzaileek prentsa ohar baten bidez zabaldu dutenez.

Estudioko bi disko dituen The Vaccines indie rock talde gaztea ostiralean arituko da Kobetamendin, Kings of Leon laukote estatubatuarra agertokira atera aurretik. Egun berean, John Lydon Sex Pistols taldeko abeslari ohia izango da Bilbon. 80ko hamarkadan sortutako PiL taldearekin aterako da taula gainera Lydon.

Bukatzeko, Johnny Borrel & Zazouk The Weeks ordezkatuko du ostiraleko saioan. Gainera, antolatzaileek iragarri dute hirugarren agertoki bat ere jarriko dutela. Han Sr.Chinarro, The Home Phonema, Ainara LeGardon eta Bel Bee Bee artisten musika entzungo da.

Depeche Mode, Kings Of Leon eta Green Day dira aurtengo BBK Liveko kartelburuak.