Vampire Weekend eta White Denim, Bilbao BBK Live jaialdian
Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileek beste hainbat talderen kontzertuak iragarri dituzte. Hain zuzen ere, Vampire Weekend eta White Denim, Edward Sharpe & The Magnetic Zeros eta Jamie N Commons aurtengo edizioan izango direla jakitera eman dute gaur bertan. Edward Sharpe & The Magnetic Zeros ostegunean arituko da Kobetamendin, eta beste hirurak, larunbatean.
2006an sortu zen New Yorken Vampire Weekend, eta 2008an kaleratu zuten lehenengo diskoa. Lan honi esker sekulako arrakasta lortu zuten. 2010ean iritsi zen estudioko bigarren diskoa. Contra lanak AEBetako disko salduena izatea lortu zuen, eta Erresuma Batuko disko salduenen artean kokatu zen. Talde honen hirugarren proiektuak (Modern Vampires Of The City) maiatzaren 13an ikusiko du argia.
Esan bezala, azken egunean (uztailaren 11n), Vampire Weekend ez ezik, White Denim eta Jaime N Commons ere igoko dira taula gainera. Austineko (Texas) laukoteak lau disko ditu, eta folk-rock musika alternatiboa lantzen du. Orain, disko berria grabatzen dabiltza. Bestalde, Jaime N Commons artista britainiarrak Rumble and Sway lana aurkeztuko du Bizkaiko hiriburuan.
Bukatzeko, Edward Sharpe & The Magnetic Zeros punta-puntako taldeekin aritu izan da azkenaldian, eta jaialdi ezagun askotan izan da. Rock alternatiboa eta indie-folk musika ditu oinarri.
Aurki itxiko dute zortzigarren edizioko kartela.