BBK Live 2014ko kartela, zuen esku
Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek lehiaketa berria jarri dute martxan, 2014ko edizioari begira. Hain zuzen ere, bederatzigarren edizioko kartelaren diseinua sortzeko lehiaketa abiatu dute.
Last Tour Internacionalek argi utzi duenez, kartela jaialdiko antolakuntzatik kanpo dagoen norbaitek diseinatzen duen lehenengo aldia izango da hau. Modu horretan, maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik kartelak bidaltzeko epea. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ditzake, eta diseinu bakoitzak bi bertsio izan behar ditu: batetik, jaialdiaren irudia soilik sortu behar du, eta bestetik, 60 talderekin osatutako gezurrezko kartel bat diseinatu behar du.
Lan guztiak orijinalak izan behar dira. Irabazlea, jaialdiko hiru ordezkarirekin eta Bilboko Udaleko beste batekin osatutako epaimahaiak aukeratuko du, eta maiatzaren 22an iragarriko dute sarituaren izena.
Irabazleak 3000 euro eta aurtengo BBK Liverako bonu bat lortuko ditu.