Green Day, Bilbao BBK Live jaialdiko bigarren kartelburua

Two Door Cinema Club, Delorentos, Delorean, We Are Standard eta L.A. ere Kobetamendin arituko direla iragarri dute antolatzaileek. Hiru eguneko bonuak salgai daude jada.
Green Day
Dagoeneko, Bilbao BBK Live jaialdiaren zortzigarren edizioan arituko diren bi kartelburu ezagutu ditugu: Depeche Mode eta Green Day.

Talde estatubatuarraren kontzertua gaur bertan iragarri dute antolatzaileek, eta, aurreikusitakoaren arabera, 2013ko udan Espainiar Estatuan eskainiko duten emanaldi bakarra izango da Bizkaiko hiriburukoa.

Biliie Joe Armstrongek zuzendutako punk rock taldea ¡Uno!, ¡Dos!, ¡Tre! disko trilogia lanean dabil azkenaldian eta duela gutxi jakin dugunez, Green Dayk bertan behera utzi ditu 2012an eman behar zituen zuzeneko guztiak, taldeko abeslaria errehabilitazio klinika batean dagoelako.

Iragarpen berriak

Bestalde, Two Door Cinema Club, Delorentos, Delorean, We Are Standard eta L.A. ere Kobetamendiko agertokietara igoko dira, uztailaren 11tik 13ra bitartean, Bilbao BBK Live jaialdian. Gainera, duela pare bat aste iragarri genizuen bezala, uztailaren 11n Depeche Moderen kantuak entzungo dira Bilbon.

BBK Liverako sarrerak

Hiru eguneko bonua salgai dago jada eta abenduaren 11ra arte 85 euroan (+banaketa gastuak) eskuratu ahal izango da.

Gainera, BBK 26 txartelarekin erositako lehendabiziko 500 bonuek 15 euroko deskontua izango dute (txartel bakoitzeko, bonu bakarra erosi ahal izango da).

Sarrerak BBK-ko kutxazainetan ez ezik, Ticketmaster sarean, www.ltinews.net webgunean, 902 15 00 25 telefonoan, FNACen, Carrefourren eta Halcon Bidaiak bulegoetan egongo dira salgai.

Rich Robinsonen kontzertua

Bilbao BBK Live Bereziak zikloak Rich Robinsonen zuzenekoa hartuko du datorren abenduaren 14an.