The Kooks, Glasvegas eta Warpaint, Kobetamendin

Izen berriak iragartzeaz gain, Klaxons taldearen zuzenekoa bertan behera gelditu dela jakin dugu. Lehenengo bi egunetarako sarrerak otsailaren 10ean jarriko dituzte salgai.
The Kooks
The Kooks

The Cure, Radiohead, Show Patrol eta beste talde ezagun askoren izenak iragarri ostean, The Kooks, Glasvegas eta Warpaint ere Bilbao BBK Live 2012 jaialdian arituko direla jakinarazi dute antolatzaileek.

The Kooksek eta Warpaintek uztailaren 13an joko dute, Radiohead taldearekin batera eta Glasvegas eta uztailaren 14an igoko da agertoki gainera.

Horrez gain, Klaxons taldearen zuzenekoa bertan behera gelditu dela jakin dugu, disko berriaren grabazioa aurreratu ostean, udarako aurreikusita zituzten kontzertu denak atzeratzea erabaki baitu taldeak.

The Kooks, Warpaint eta Glasvegas

2004an Britainia Handian jaiotako laukotea da The Kooks eta indie-rock musika du oinarri. Zazpi urtetan estudioko lau lan atera dituzte eta mundu osoan zehar bi milioi diskotik gora saltzea lortu dute.

Glasvegas Eskoziatik iritsiko da Bilbora. Duela bederatzi urte sortutako talde honek 2008ko irailean egin zuen debuta eta pasadan hilabetean "Euphoric///Heartbreak" proiektua kaleratu zuen.

Bestalde, Warpaint taldea Los Angeleseko lau neskek osatzen dute. 2010ean heldu zen laukote honen lehen lana.

Sarrerak

Datorren otsailaren 10etik aurrera egongo dira eskuragarri uztailaren 12rako eta 13rako eguneko sarrerak, 55 euroren truke (banaketa gastuak kontutan izan gabe).
Uztailaren 14rako sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai.

Nobedadeak

Amaitzeko, esan beharra dago, BBK live jaialdiaren zazpigarren edizioan hirugarren agertoki bat ere izango dela eta bertatik izar garrantzitsuak pasatuko direla.
Aurten, guztira 60 artista arituko dira (iaz baino 20 gehiago) eta hiru eszenatokitan eta karpa batean banatuko dira emanaldi guztiak.