The Cure, Bilbao BBK Live jaialdian
The Cure talde britainiarra Bilbao BBK Live jaialdiaren zazpigarren edizioan arituko da. Robert Smith abeslari eta gitarra-jotzaileak zuzendutako taldearen iragarpenarekin itxura hartzen ari da aurtengo kartela. Izan ere, orain arte, The Curen emanaldia ez ezik, Radioheaden eta Show Patrolen zuzenekoak ere iragarri dituzte, besteak beste.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 1976an sortutako The Cure taldeak Kobetamendin joko du. Dena den, oraindik ez dute zehaztu kontzertua zein egunetan izango den.
Robert Smith, Simon Gallup, Jason Cooper eta Roger O'Donellek bi orduko emanaldia eskainiko dute eta taldearen arrakastak taularatuko dituzte. Hain zuzen ere, "Three imaginary boys", "Boys don't cry", "Kiss me, kiss me, kiss me" eta "Desintegration" lanetako abesti ezgaunenak entzungo dira Bilbon.
Iragarpen berriak
The Curen iragarpenaz gain, Las Tourrek beste hainbat izen ere baieztatu ditu. Corizonas, Inspector Cluzo, Tribes eta Zoe ere Bizkaiko hiriburuan arituko dira uztailaren 12tik 14ra bitartean.
Sarreren salmenta
Datorren urtarrilaren 24an hiru egunetako bonoa eskuratzeko epea bukatuko da. Abenduan salgai jarri zuten hiru egunetako bonoak 85 eurotan erosi ahal dira (+ 6 euro, banaketa gastuengatik).
Sarrerak BBK-ko kutxazainetan, BBK-ren webgunean eta 944 310 310 telefonoan eskuratu daitezke.