Radiohead taldea 2012ko Bilbao BBK Live jaialdian arituko da
Izen erraldoia dakar Bilbao BBK Live jaialdiak: Radiohead. Talde britainiarrak bira berria iragarri du datorren urterako eta bira horren baitan, 2012ko uztailaren 12tik 14ra bitartean Kobetamendin izango den jaialdiko kartelbururak izango dira Thom Yorke eta bere taldekideak. Beraien webgunean konfirmatu dutenez, uztailaren 13an, ostirala, izango dira Bilbon.
Talde britainiarrak berriki iragarri ditu datorren urteko kontzertuetako zenbait data eta otsailean eta martxoan AEBak zeharkatu ostean, ekainetik aurrera Europan barrena ibiliko dira.
‘The king of the limbs’ azken diskoa aurkezteko biran gugandik gertu geldialdirik ez zuen egin Oxfordshireko boskoteak eta, beraz, Euskal Herriklo eta inguruko lurraldeetako zaleek gustura hartuko zuten albistea. Hori bai, ez ditzatela hit asko espero, Ed O’Brien gitarristak orain dela gutxi eskaini zuen elkarrizketa batean iragarri baitzuen disko berriko kantuak eta material berriari ongien egokitzen zaizkion abestiak jotzeko asmoa baitute 2012ko birako kontzertuetan.