EHUko ikasleen jaia bueltan da, gaur, Euskoprincess, Zilibito Records eta beste hainbat kontzerturekin

Eguerdian hasiko da festa, bertso saioa eta mus txapelketarekin. Zuzeneko musika, bingo musikala eta DJez gozatzeko aukera egongo da, iluntzera arte.
Antolatzaileak, EHUP!en kartelarekin

Euskal Herriko Unibertsitateak egun handia du maiatzaren 9an: EHUP! ikasle jaiaren lehen edizioa egingo dute, EHUren Leioako campusean. Ikasle talde batek (errektoretza taldearen babesarekin) antolatutako festak musika programazio oparoa izango du.

Eguerdian hasita, Euskoprincess, Zilibito Records, LBDJ, Kene artisten zuzenekoez, Txolas eta Domin DJak, Olgetan erromeria eta Bizkaiko Tuna Distritoaren kalejiraz gozatzeko aukera izango da, hiru gunetan banatutako egitarauan.

Hiru gune

Biofisika landak eta Mikel Laboa plazak hartuko dituzte maiatzaren 9ko ekimen gehienak. Irekiera ofiziala 12:30ean izango da, Mikel Laboan. Onintza Enbeita, Mikel Goiriena eta Jone Larrinaga bertsolariek irekiko dute festa. Jarraian, kalejira egingo dute, Hezkuntza Fakultateraino, Wesyke txarangarekin.

Biofisikako landan bingo musikatua egingo dute 13:30ean, eta EHUko orkestrak ere joko du, Mikel Laboa plazan (17:30). Gainerakoan, kontzertu guztiak Biofisika landan eta Mikel Laboa plazan izango dira, 13:15ean hasita. Bizkaiko Tuna Distritok 15:15ean ekingo dio bere kalejirari, Hezkuntza Fakultatetik abiatuta. Iluntzean, eta jaia amaitu bitartean, Olgetan erromeria egongo da Biofisika landan, eta DJ Txolas, berriz, Mikel Laboan.

Hirugarren guneari “gune ibiltaria” deitu diote. Bertan kokatu dituzte mus txapelketa eta Wesyke eta Bizkaiko Tuna Distrito txarangak.

Unibertsitate pertenentzia indartu

Antolatzaileek azaldu dutenez, jaiaren helburua honakoa da: “EHUko kide izateko harrotasuna aldarrikatzea, eta pertenentzia sentimendua areagotzeko balio izatea”. “Harro gaude EHUko ikasle garelako eta uste dugu maiatzaren 9an egingo dugun jaiak balio dezakeela Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle harrotasuna erakusteko”, adierazi dute Eder Osuna eta Ane Belio jai-antolaketa taldeko kideek. “Gure asmoa da campus guztietako ikasleak batzeko eta ondo pasatzeko aukera bat izatea”, gehitu dute.