‘Querer’ telesaila, Feroz Sarietan garaile

Bilbon errodatutako piezak hiru garaikur eraman ditu: gidoi onenarena, telesail dramatiko onenarena eta Nagore Aranburuk eraman duen telesailen emakumezko protagonista onenarena.

Larunbatean banatu dituzte 2025eko Feroz Sariak, Pontevedran. Alauda Ruiz de Azua Barakaldoko zinemagileak zuzendutako Querer telesailak hiru garaikur eraman ditu: gidoi onenarena, telesail dramatiko onenarena eta Nagore Aranbururi emandako telesailen emakumezko protagonista onenarena.

Alauda Ruiz de Azuak jaso zituen telesail dramatiko eta gidoi onenaren garaikurrak, eta indarkeria matxistaren kontrako hitzak esan zituen saria jasotzeko unean: “Telesail hau gertatzen zaiguna kontatzeko ditugun trabez ari da. Bizi garen munduan, emakumeak ez dira sexu indarkeria salatzeko legitimatuta sentitzen. Hori zintzotasunez onartu eta aho batez onartzen ez dugun arte ezingo ditugu gauzak aldatu”.

Bada, Movistar+ek ekoitzitako telesailean, Ruiz de Azuak Bilboko familia ezagun baten baitan gertatzen diren sexu abusuen salaketa du abiapuntu. Indarkeria hori pairatzen duen emakumea Nagore Aranburuk gorpuztutako Miren Torres izeneko protagonista da. Paper honi esker eraman du gipuzkoar aktoreak telesailen emakumezko protagonista onenaren Feroz saria.

Honek ere hunkituta hartu zuen garaikurra. Lantaldeari eskerrak eman ostean, bere aitari eskaini dio Feroz saria: “Gurasoek seme-alabei ixten dioten herentziaren inguruko telesaila da Querer. Nire aita aktore amateur bat zen, eta 12 urte nituenean herriko antzerki taldera eraman ninduen. Bertan ikasi nuen ogibide hau maitatzen, eta gaur berari eskaini nahi diot sari hau, ez delako egongo unibertsoan berea baino energia zoriontsuagorik: aitte, hau zuretzako da”.